Emaitzak kargatzen...
30 emaitza
Aktore bat eta zinemagile bat zinema-gidoi bat entseatzen ari dira. Gidoiak Maria Dolores Gonzalez Katarainek, Yoyes, 1980 eta 1985 artean Mexikon erbesteratuta zegoela, ETA utzi ondoren idatzi zuen egunkariko pasarteak jasotzen ditu. Gidoiak aurrera egin ahala, Yoyesen hitzetan beste emakume batzuen distirak eta erreferentziak azaleratzen dira: Ulrike Meinhof, Simone de Beauvoir, Rocío Díazescobar, Alexandra Kollontai, Tina Modotti. Bitartean, kanpoan ilundu egiten du.
Emakumeak gizartean eman dituen aurrerapausoak aztertzen ditu dokumental honek. Isilpeko garaietan bizitako hainbat emakumeren testigantzak biltzen ditu, tartean, Txaro Arteaga, Toti Martinez de Lezea, Arantxa Urretabizkaia, Begoña Ameztoy, Mari Carmen Garmendia, Jone Gorizelaia, Loli Astoreka eta Mari Carmen Gallasteguirenak.
Film dokumental luze honetan immigrazioaren egunerokotasuna azaltzen da. Zenbait emakume etorkinen esperientzian oinarrituta, fenomenoaren aurpegi ezezagunak erakutsi nahi dira. Emakumeen jaioterrietatik Europara immigrazio handia gertatu da, baina oraindik ere arrotz zaizkigu haien bizimodua eta haien ohiturak.
Emakumeek Euskal Herriko kirol jarduera ezberdinetan duten presentzia erakusten du dokumental honek.
Asun Casasola, Nagore Laffageren amaren begietatik ikusita, bere alaba hil zutenetik emakumearen bizitzari begiratu bat emango diogu. 2008ko Iruñeko San Fermin jaietako krimenak gizartea astindu zuen, eta inoiz ez bezala kolpatu zituen hedabideen titularrak. Epaiketa 2009ko azaroan izan zen, eta akusatua homizidioagatik zigortu zuten. Asun, bere familia, eta babesa ematen dieten guztiek borrokan jarraitzen dute justizia egiten dela ikusteko eta erruduna hilketagatik intentzioz zigortua izan dadin.
Dokumentalak Esther Ferrer (Donostia, 1937) artistaren ibilbidea errepasatzen du; performancearen generoan sortzaile handienetako bat, Arte Plastikoen Sari Nazionala 2008an eta Velazquez Saria 2014an.
'Hamaika andra zurigorri' izenburua dauka andrak Athletic Cluben arlo desbardinetan izan daben eragina eta ekarpena erakusteko eta balioan jartzeko sortu dogun ikus-entzunezkoak, "itzaletik argira" ekarteko. Lana lekukoen testigantzetan oinarritzen da, hori izan da informazino iturri nagusia. Horretarako 35 persona alkarrizketatu ditugu, 32 emakume eta 3 gizon. Belaunaldi desbardinetako personak dira, zaharrenak 102 urte eta gazteenak 19 dituela, eta euren testigantzek sasoian sasoiko egoerak erakutsiko dabez.
Dokumentalak "Madejas contra la violencia sexista" proiektuaren historia kontatzen du.
80ko hamarkadaren amaieran Euskalduna ontziolaren itxierari buruzko dokumentala. Fabrikaren eta lanpostuaren defentsan langileekin batera borrokan hasi ziren emakumeen ikuspuntua jasotzen du.
Gerra Zibila, diktadura, frankismoaren errepresioa eta Euskadiko terrorismoaren urte gogorrak aztertzen ditu, emakumeen nortasuna lehenetsiz. Arorik urrunena hartzen du, baina oraindik ezezagunak diren bake eta askatasun istorioak aurkitzen ditugu. Bakearen, duintasunaren, bizitzaren… aldeko apustu pertsonalagatik desagerrarazi zituzten zubi eraikitzaileak.
Abarketarien bideak —Ainarak ere esaten zaie, hegaztiak bezala migratzen zutelako— Nafarroako eta Aragoiko emakumeen belaunaldien neguak batu zituen. XIX. mendearen amaieratik XX. mendearen erdialdera arte, Mauleraino joaten ziren abarketen industrian lan egiteko.
Micaela Portilla historialari arabarrak bere bizitza eta obra kontatzen ditu bere azken urteetan idatzitako memoria faltsu batzuen bidez. Memoria horiek dokumentalaren hari gisa balio dute, bere lan garrantzitsuenetako batzuen laburpenekin batera.
Basauriko Kalero langile-auzoko etxekoandre xume batzuen istorioa kontatzen du erreportaje honek. Etxekoandre horien borrokak bultzatu zuen 1985eko Abortuaren Legea onartzea.
50 urte baino gehiago daramatzate nazioarteko eta nazioko petrolio konpainiak planetako bioaniztasun handieneko Amazoniako guneetatik petrolioa ateratzen, komunitate indigenen bizitzak mehatxatuz, Ekuadorko Gobernuaren konplizitatearekin. Sakrifizio eremuak deiturikoak dira.
Bi kazetari transgresorek duela mende bateko emaztegai-soinekoen denda hiriko lehen kulturgune feminista bihurtu nahi dute. Zer gertatuko litzateke berrikuntza emakumeekin soilik egin nahiko balute?
Emakumeak zinema zuzendaritzan lekua egin eta pertsonaia femeninoen erreferente berriak agertu izanak izan duen eragin zuzen eta errealaren inguruan egiten du hausnarketa; eta azpimarratzen du horrek zein eragin duen neskatoen eta emakumeen autopertzepzioan, eta, ondorioz, gizarte osoan ere.
Emakumezko aktore talde bat eta zuzendari bat eraikitzen ari diren etxe batean astebetez bizitzen. Bat-bateko fikzioak, karaokea eta zinema. Film baten bilaketa helburu gertagaitz gisa. Sororitatea, barreak eta sorkuntza kolektiboa, emakume talde honen lanbideari eta sortze prozesuari buruzko esperientzia-filma sortzeko.
Errenteria, 1977ko uda. Beak 16 urte ditu eta herrialdean zehar dabiltzan aldaketa-giroarekin bat egiten du. Besteak beste, emakume-talde batekin lan egiten du kausa feministaren alde eta abortatzen laguntzeko baldintza duinak lortzeko helbuarekin. Odolean sentitzen duen errebeldia ustekabeko sentimendu batekin nahastuko da, bere bizitza hankaz gora jarriko duena: bera baino zaharragoa den eta familia oneko neska batekin maiteminduko da. Beak ez du susmatzen neska enigmatiko honek, Mirenek, sekretu bat gordetzen duela, eta sekretu horrek helduen mundu mingarrian murgilduko duela.
Filmak Joneren (20) heldu bilakatzeko bidaia kontatzen du. Gazteak bere lehen maitasuna bizi du, eta, aldi berean, aitaren parkinsonaren ondorioak bizkortu egiten dira ustekabean. Bilboko Aste Nagusian, Olgarekin igarotzen duen hilezkortasun-sentsazioaren eta aitak bere gaixotasuna zeharkatzeko duen modu bereziaren arbuioaren artean biziko da Jone. Gertaera horiek direla eta, Jonek uda horretan jakingo du neskato bat izatetik heldu bihurtzera pasatzen ari dela.
Azkenean, emakumeen ahotsa entzuten hasi da zineman eta hori ospatzera dator emakumeek eginiko zinemari buruzko film harrigarri hau. Atzoko eta gaurko euskal zinegileen munduan zehar, apnea teknika erabiliz, hiru urpekari gaztek gidatuko gaituzte. Itsaspeko bidaia honetan deskubrituz joango gara pelikulen gaiak, pertsonaiak, begiradak, ametsak, aurrera ateratzeko ahaleginak eta, batez ere, zinemari egiten dioten ekarpena. Donostiako Zinemaldian estreinatu eta gero, dokumentala Tokio, Madril, Nantes, Iruña eta Bilboko zinemaldietan aurkeztu da, besteak beste.